“Ezin dugu Gipuzkoa sendoa eraiki klima aldaketaren erronkari heltzen ez badiogu”

Markel Olanok lurraldea alor honetan egiten ari den lana nabarmendu du, Naturklima eta Mubil proiektuak azpimarratuz

“Ezin dugu Gipuzkoa sendoa eraiki klima aldaketaren erronkari heltzen ez badiogu” 17Martxoak
2019
2019 MartxoaK 17 |
Gipuzkoa

PARTEKATU

EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagai den Markel Olanok planetaren berotzea mehatxu garrantzitsua dela gogoratu du gaur, eta alor honetan lanean jarraitzeko bere konpromisoa berritu du, “Gipuzkoa klima aldaketaren aurkako borrokan nazioarteko erreferente izan dadin” eta “ezinezkoa delako Gipuzkoa sendoa eraikitzea klima aldaketaren erronkari heldu gabe”. Honela, gogoratu duenez, zuzentzen duen Foru Aldundiak hainbat dinamika jarri ditu martxan legealdi honetan, hauen artean Naturklima, Gipuzkoako Klima Aldaketaren kontrako Institutua, eta Mubil, Gipuzkoako elektromugikortasun zentroa nabarmenduz. “Erronka honi heldu behar diogu, ezinbestekoa da ondorengo belaunaldiei mundu hobeagoa uztea”, azaldu du.

Hautagai jeltzalea Zarautzen izan da gaur, Iñurritzako Biotopoa bisitatzen, Gipuzkoako kostaldeko altxor natural eta bioaniztasunaren babesleku dena. Berarekin izan dira EAJ-PNVren Gipuzkoako Kongresurako hautagai den Joseba Agirretxea eta Senaturako hautagai den Maribel Vaquero. Gainera, bertan izan dira baita ere Xabier Txurruka, Zarauzko alkategai jeltzalea; Oier Korta, Zumaiako alkategaia; Aitor Urresti, Getariako alkategaia; Lourdes Salsamendi, Orioko alkategaia; eta Nekane Arrizabalaga, Aiako alkategaia.

Bere hitzaldian, Olanok gogoratu du berak zuzentzen duen gobernu taldea Aldundira iritsi zenean, 2015 urtean, “paralizatuta zegoen Gipuzkoa batekin topatu ginela, amaigabeko eztabaida antzuetan katigatuta urgentziazko esku hartzeak behar zituzten gaietan”. “Foru Aldundiaren lanari esker, Gipuzkoak irtenbidea eman eta atzean utzi ditu kontu hauek guztiak, eta urrunago ere joan da: agenda politika berria darabil orain, garai berriei eta herritarrek dituzten behar eta erronka berriei egokitua. Esaterako, mugikortasun modu berriak, sektore industrialak dituen mehatxuak, bizi dugun iraultza demografikoa… bezalako gaiak ditu kontuan agenda honek, eta hauen artean dago baita ere klima aldaketaren gaia”, nabarmendu du.

Honela, EAJ-PNVren hautagaiak esan duenez, “Gipuzkoa sendoa eta etorkizuna duena izan nahi badugu, ezin dugu beste aldera begiratu klima aldaketarena bezalako lehen mailako arazo baten aurrean”. Olanok gogoratu du arazoa globala dela, baina gure lurraldean ere sekulako eragina izango duela: aurreikuspenen arabera, Gipuzkoako batez besteko eta muturreko tenperaturak 1,5ºC eta 5ºC artean igoko dira mende bukaerarako, eta itsasoaren maila gure kostaldean metro erdi eta 80 zentimetro bitartean igoko da aldi berean. Gainera, euriari ere eragingo dio fenomenoak, intentsuagoak izango baitira euriteak, baina urriagoak, eta lehorte garaiak ere luzeagoak izango dira.

 “Egiazkoa eta gero eta agerikoagoa” den mehatxu honen aurrean, Olanok adierazi du Gipuzkoak klima aldaketari aurre egiteko estrategia propioa jarri duela martxan, Eusko Jaurlaritzaren KLIMA 2050 estrategiarekin guztiz lerrokatuta dagoena. “Ditugun helburu nagusiak dira Negutegi Efektua duten Gasen isurketak murriztea, energia berriztagarrien kontsumoa areagotzea eta Gipuzkoaren erresilientzia hobetzea planetaren berotzeak ekarriko dituen ondorioen aurrean”, esan du Olanok. Egitasmo honetan, Naturklima Klima Aldaketaren aurkako Institutua eta Mubil Gipuzkoako elektromugikortasun zentroak izango duten garrantzian jarri du azpimarra ondoren.

 “Gipuzkoa lurralde industriala izanik, esparru honetan ere eraldaketarako estrategia izan behar dugu. Eta hor dago Mubil, gure industriaren transformazioari heltzen diona. Gipuzkoan ahalmena eta ezagutza dauzkagu, eta aukerak daude mundu mailan erreferente izateko”, azaldu du. Puntu honetan, Joseba Agirretxeari eskerrak eman dizkio, honek gogoratu duenez, EAJ-PNVk Kongresuan egin duen lana ezinbestekoa izan baita Mubil proiektuaren aldeko 5,5 milioiko diru-laguntza bermatzeko. “Gizarte osoa inplikatu behar dugu ahalegin honetan”, esan du Agirretxeak.

 Honi eutsita, diputatu nagusi izateko hautagaiak ere “gauzak egiteko moduan” ere jarri du azpimarra. “Legealdi honetan politika egiteko modu berri baten alde ari gara egiten, irekiago eta elkarlana zutabe duena, eta lanean ari gara ahalik eta eragile gehien gure etorkizunaren diseinu eta eraikuntzan inplikatzeko”, azaldu du, adieraziz kudeatzeko era hau ere aplikagarria dela klima aldaketaren aurkako borrokara. “Denoi eragiten digun arazoa da eta, beraz, ezinbestekoa da lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoen artean aliantzak sortzeko lan egitea, herritarren inplikazioa lortuz ahalegin kolektibo honetan aurrera egiteko”, azpimarratu du.

Interesatu Zaitez