Bilbok ostiralean hartuko du Europako Alderdi Demokrataren Kontseilua

Urkullu Lehendakariak itxiko du Europako Forumaren lehen bilkura, Europako hamabost Estatutako ordezkari politikoen aurrean “Europaren ezinbesteko birsorrera” aztertuko duena
Bilbok ostiralean hartuko du Europako Alderdi Demokrataren Kontseilua
05 Otsaila | EBB

Bilboko Euskalduna Jauregiak hartuko du ostiralean, otsailak 8, Europako Alderdi Demokrataren Kontseiluaren urteko bilera nagusia. EAD-PDE horren barruan ere badago Euzko Alderdi Jeltzalea. Topaketan parte hartuko dute Europako hamabost estatutako alderdi eta ordezkari politikoek, hauen artean, Italia, Frantzia, Alemania, Espainia,Polonia,Belgika eta Portugaletik etorritakoek, eta EAD-PDEri emango dio agiri politiko bat idazteko eta onesteko aukera,zeinetan ezarriko diren maiatzeko 26ko Europako Hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi politikoek egingo dituzten programetarako oinarri-arauak. Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta EAD-PDEko presidenteordeak, ordezkari guztiei ongi etorria emateko diskurtsoa irakurriko du eta Iñigo Urkullu lehendakariak Europako Forumaren lehen bilkura itxiko du zentzu europazale argi eta irmoa izango duen hitzaldiarekin. Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko idazkaria; nazioarte gaietarako burukide arduradun Mikel Burzako; Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatua, iragan igandean Europako hurrengo hauteskundeetarako zerrendaburu aukeratu dutena; eta José María Etxebarria Kanpo Harremanen gaietarako Batzordeko arduraduna izango dira jeltzaleek Kontseilura eramango duten ordezkaritza taldeko kideetako batzuk.

EAD-PDEren Kontseilua 9:30ean hasiko da ostiralean. Arestian esandako adierazpena onartzeaz gain, EADren organo gorenak bere Presidentetza berriztatuko du, gaur egun Francesco Rutelli Erromako alkate ohi eta Italiako presidenteorde ohiak eta François Bayrou, Pauko alkate eta Frantziako ministro ohiak partekatzen dutena. Eguneko aztergaien zerrendaren arabera, EADren Kontseiluak era berean aztertuko ditu bere finantzen egoera, atxikimendu eskaerak eta begirale estatutuarenak, M-26ko hauteskunde kanpainarako prestakuntza lanak edo hurrengo topaketarako egunaren aukeraketa, Liublianan egingo dena (Eslovenia).

Kontseilua amaituta, EAD-PDEk Europari buruzko Forum bat egingo du ‘Europaren ezinbesteko birsorrera’ titulupean, Forum honen lehen bilkura itxiko du Iñigo Urkullu lehendakariak. Urkulluk 2017an parte hartu zuen EAD-PDEk Erroman egin zuen Kontseiluan eta han ere hitz egin zuen Paolo Gentiloni Italiako lehen ministroa hizlari izan zuen Forumean. Bigarren bilkura 16:00etan hasiko da eta 18:30ak aldera amaituko da.

PARTEKATU