Josune Gorospek salatu du oposizioaren EAJren aurkako “eskandalu politika”

Legebiltzarkide jeltzaleak deitoratu du desgaste-estrategia horretarako baliatu dutela Jon Darpon sailburu ohia, eta baieztatu du oposizioak Jaurlaritzaren eta EAJren aurka jarraituko duela, behin Darpon alboratuta. “Herri proiekturik ez dutenez, oposizioak PNV operazioa jarri du abian”

Josune Gorospek salatu du oposizioaren EAJren aurkako “eskandalu politika” 21Martxoa 21 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Josune Gorospe EAJ-PNVren legebiltzarkideak salatu du oposizioak abian jarritako jazarpen- eta suntsiketa-operazioa, helburu duena Eusko Jaurlaritzaren izen ona kaltetzea eta erakundeen gidaritzarako euskal herritarrek EAJri emandako konfiantza gutxitzea. “Errealitatea da ez daukatela bestelako proiektu politikorik definituta, bideragarria, euskal herritarrei aurkezteko modukoa eta benetan EAJren aurrean alternatiba izan daitekeena. Eta, hortaz, alderdi politikoek erabaki dute eskandaluaren politikara jotzea, ‘PNV operazioa’ abiatuz eta modu lizunean jokatuz”, esan du.

Osoko bilkurak EH Bilduren proposamena eztabaidatu du, Osakidetzako EPEen ikerketa batzordea sortzeko –ekimena baztertu du Legebiltzarrak. Bilkura horretan, Gorospek deitoratu du desgaste-estrategia horretarako baliatu dutela Jon Darpon sailburu ohia, eta baieztatu du sailburu izateari utzi dionez, hurrengo helburua Iñigo Urkullu Lehendakaria izango dutela. “Jon Darponek balio erantsia ematen dio osasun sistema publikoari, baina zuei bost axola Osakidetza, EAJri kalte egitearren. Kendu duzue tartetik baina ziur nago ez zaretela geldituko, ezer ez baita nahikoa zuentzat. Ez dakigu, baina segurutik Lehendakaria izango da helburu nagusia. Jazarpen kanpainak jarraituko du, baina hau herri txikia da eta hemen denok ezagutzen dugu elkar. Hainbat hamarkadaz egindako kudeaketa txukunaren ospea galtzea ez da erraza”, adierazi du.

Legebiltzarkide jeltzaleak sailburu ohiaren giza balioa eta balio profesionala aitortu ditu. Bere hitzetan, politikari distiratsua, bizitza pertsonalari eta bere ospeari uko egiteko prest Jaurlaritzari kalte ez egitearren. “Zinikoek ez dute politikarako balio eta Darponek justu aurkakoa ordezkatzen du. Politikari on batek behar duen guztia du: zintzotasuna, gertutasuna, enpatia, dedikazioa, apaltasuna, entzuteko gaitasuna, ezagutza handia eta zorroztasun puntua. Pertsona ona da eta oposizioak tratu injustua eman dio, politika egiteko modu gaitzesgarri batean, jokabide ziniko eta gezurtia izan du oposizioak”. Gaineratu duenez, jeltzaleek “pozik eutsiko liokete politikoki sailburu ohiari, baina berak, desgaste pertsonalerako arriskua izanik ere, nahiago izan du albo batera egin eta Osakidetzaren irudia babestu, eta tentsioa baretzen lagundu. Presio politikoagatik balitz pozarren eutsiko genioke”.

Ikerketa batzordea

Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du –EAJ-PNVk eta PSE-EEk aurka bozkatuta- EH Bilduren ekimena, ikerketa batzorde bat osatzea eskatzen zuena Osakidetzako azken EPEko balizko irregulartasunak argitzeko. Gorospek galdetuko du zein den proposatzailearen benetako asmoa, eta salatu du koalizio abertzaleak, Elkarrekin Podemosek bezalaxe –hark babestu du ekimena-, baztertu egiten dutela errugabetasun presuntzioa, eta alderantziz, erruduntasun presuntziotik abiatzen direla. “Hasteko errudun zara, eta gero, amaieran, errugabea bazara, nori axola dio? Horrek ez du saltzen”, nabarmendu du. Ordezkari jeltzaleak gogora ekarri du ‘Epsilon’ eta ‘Hiriko’ kasuetan gertatutakoa. Ikerketa batzordeak abiatu ziren Legebiltzarrean, eta oposizioak sententzia eman zuen Eusko Jaurlaritzako hainbat karguren aurka. Geroago, epaitegietako ebazpenek esan zuten dena ongi egina zegoela eta goitik behera justifikatuta. “Lotsaz isildu ziren eta inork ez zuen barkamenik eskatu Administrazioko arduradun batzuen lana ezbaian jartzeagatik”, adierazi du. 

Interesatu Zaitez